XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ufaka trufatuz bota ninduten ate nagusiko atalasetik, atarira sartzeko ere aukerarik gabe.

Jo nezala merinoarengana.

Antzeko erantzuna jaso nuen merinoarenean bezala podestarenean nahiz sindikoaren jauregian ere, ez zela-eta haiena erreka ondoko gorpuaren ardura.

Arkakusoek eta zorriek eta akainek hartuko ahal dute nekerik soldadu haien grakan!

Sindikoaren jauregitik barride zaharrerantz jo nuen.

Banekien erantzun berdintsua emango zidala katedraleko atezainak ere, Aba Yakuek bazuela aurreragoko kezkarik, baina ogi mutur bat baino zerbait gehiago ere aterako niola erabakita, harantz jo nuen.

Noiz ez da igande aberatsen eta fraileen etxean!

Battis Toberak ez du zalantzarik.

Dakien bakarra, ez zuela saltzaileei lapurtutako arrautzaz gain beste ezer jan, eta gose zegoela.

Ardoz lagundutako hirugiharreaz arindu behar nuen, bada, atzera-aurrera ugarien neke gosetua.

Osasun, Aba Yakue!

On egin, Battis!

Hiru begiko zubi tzar bat barride zaharreranzko biderik laburrena, karelik gabeko zubi-estratan zehar abiatu nintzen, makilaz zorua joz eragozpenen haztamuka.

Baldar imintzio ikasi haietan ezinbestekoa nuen makila, aspaldiko partean ez nuen-eta nahi bezain bizkor lortzen txaflata mehetik heltzen zitzaidan argi urriaz ezer ikustea: nabaritzen nituen urrutiko gauzak, baina gertukoak gero eta barratuagoak zitzaizkidan.

Zubiaren erdi aldera iritsi, eta kolpe bat entzun nuen oinarriaren kontra, irin zakukada gurdi gainera botatzen deneko antzekoa.

Zubi ertzeraino inguratu, txaflata mehetik barrena begiratzera saiatu, eta gorpu bat iruditu zitzaidan (...).